Nire ezkutuko sekretu ezaguna

Euskal Herrian jende askok ezagutzen nau irrintziengatik. Zaletasun honi esker, zientzian ere ekarpentxoa egiten aritu naiz doktore tesi batean. Ikerketa eztarriak euskal soinu berezi hau sortzeko egiten duen lanaren patroi bat diseinatzen saiatu da, eta era berean, irrintziek pertsonentzat dauzkaten onurak zerrendatzen.

IRRINTZIAK DOKTORE TESIRAKO

Baina zer da irrintzia?

Auñamendi euskal entziklopediaren arabera, irrintzia “oihu zoli eta luzea da, arnas bakarrean botatakoa. Artzainek mendi hegaletan egin ohi dute irrintzi, eta euskaldunek pozaren adierazgarri gisa egiten dute. Jean Piarres Duvoisin idazleak dioenez, “oihu honen jatorria antzinakoa da eta hebrearrek ere erabili zuten. Gaur egun, arabiarrek antzeko soinu bat egiten dute”.

Horrek ez du esan nahi, ordea, Euskal Herrian pozik gauden bakoitzean irrintziak egiten ditugunik. Ospakizunetan edo une egokietan egiten ditugu batez ere. Bat-bateko oihuak dira irrintziak. Normalean inork ez digu erakusten irrintziak egiten, ingurukoei begiratuz ikasten dugu.

Irrintziak oso ezagunak eta herrikoiak dira, eta herri nahiz hiri askotako jaietan lehiaketak ere antolatzen dira. Euskal telebistak berak hainbat lehiaketa eman izan ditu. Hain zuzen ere, halako lehiaketa bat ikusten ari nintzela egin nuen nire lehen irrintzia.

Beste bideo honetan, Idiazabal gaztaren sustatzaileei “oparitu” nien irrintzia entzun daiteke. Bideo bat egin zuten Euskal Herriko gazta ezagunenaren omenez, eta halako ekitaldi batean ezinbestekoa zen tradiziozko irrintzi eder batekin laguntzea. Ohore handia izan zen niretzat.

OHOREZKO IRRINTZIA IDIAZABAL GAZTARI

Kontatu dizudan guztiaren ondoren…
Ez al zaizu sortu irrintzi egiteko gogoa?

Bilatu horretarako une egokia, eta ekin. Niri izugarri gustatzen zait mendi gain batean edo itsasoari begira irrintzi egitea, baita festan ere. Irrintzi egiten dudanean, pozik eta indartsu sentitzen naiz.