Walk On The Basque Side

Arima bidaiazalea daukat, eta, denborak aurrera egin ahala, gero eta gehiago gozatzen dut etxeko ibilbideekin. Gaztetan kultura exotikoen bila aritzen nintzen gehiago. Orain, ordea, sinetsita nago euskal kultura oso exotikoa dela, baita bertakoontzat ere! Izan ere, gure lurrak ezin konta ahala tradizio eta altxor ezkutatzen ditu, bere geografia ederreko eskualde eta txoko bakoitzean.

Tradizioaren eta abangoardiaren artean

Euskal Herria (euskaraz hitz egiten dutenen herria) nortasuna ematen dioten sustraiei estu lotutako lurralde modernoa da. Tradizioaren eta abangoardiaren arteko nahasketa bikaina: Europako hizkuntzarik zaharrena dauka, jaietan zezenen aurrean egiten du korrika, eta harri astunak jasotzen ditu bizkarrera. Baina, horrez gain, antzinako ezagutza horiek guztiak eguneratu, eta balioa ematen die egungo munduan. Eraldaketa arrakastatsu horren adibiderik ezagunena euskal sukaldaritza da, gure sukaldari handiek munduko gastronomian erreferente bihurtu dutena.

Askoz gehiago deskubritzeko

Bisitari asko Michelin izarren distirak eta pintxo ezagunek erakarrita etortzen dira Euskal Herrira, eta ahalik eta zukurik handiena ateratzen diote egonaldiari, Bilboko Guggenheim museoa edo Errioxako upategiak bisitatuz, edo gurean antolatzen diren kontzertu nahiz nazioarteko zinema eta musika jaialdietako emanaldiekin gozatuz. Baina Euskal Herria ohiko bisita horiek baino askoz gehiago da. Tradizio misteriotsuen mundu bat, denboran geldirik, guk noiz deskubrituko. Nire kasuan, mundu hori zenbat eta gehiago ezagutu, are eta gehiago hunkitzen nau, eta nigan handitu egiten da haren berri zabaltzeko gogoa. Horregatik sortu nuen Walk On The Basque Side.

Euskal Herria, neurrira

Izugarri gustatzen zait gure lurra ezagutzen eta ulertzen erakustea jendeari. Horregatik, proiektu honen bitartez, neurrira eginiko ibilbide esklusiboak diseinatzen ditut, eta ni neu izaten naiz gidari.

Hauek dira proposatzen dizkizudan esperientzietako batzuk:

TRADIZIOZKO EUSKAL INAUTERIAK
EUSKARA, DOLMENAK BAINO ZAHARRAGOA
HARRI JASOTZEA, PROBATUKO AL DUZU?
ARDI LATXA, IDIAZABAL GAZTAREN AMA