...

Telebista

Kazetari ibilbidea EITBn garatu dut batez ere, hau da, euskal irrati eta telebista publikoan. Korrespontsal aritu naiz Parisen eta Beijingen, eta berriemaile berezi mundu osoan barrena. Etxera itzulita, albistegietako aurkezle aritu naiz Bilboko estudioetan. EITBn beti aritu naiz lanean Euskal Herriko bi hizkuntza ofizialetan: euskaraz eta gaztelaniaz.

Telebistako eta irratiko erreportari

Parisen hasi zen nire ibilbidea

Telebistan egin dudan ibilbideak mugarri bat izan zuen: Charles de Gaulle aireportutik atera eta berehala, Concorde hegazkinak izandako istripua. 2000. urtea zen eta hasi berria nintzen korrespontsal lanean Parisen. Sei urtez unean uneko albiste garrantzitsu asko lantzeko aukera izan nuen telebistan eta irratian: Jean Marie Le Pen ultraeskuindarrak presidenterako hauteskundeen bigarren itzulian emandako pausoaren shocka edo Yasser Arafat palestinar presidentearen heriotza Pariseko ospitale batean, besteak beste.

Paristik, mundu osora

Urte haietan, nazioarteko albisteak lantzen hasi nintzen mundu osoan berriemaile berezi gisa: Asiako tsunamia eta Ukrainaren iraultza laranja 2004an, 2005eko Londresko atentatua edo Michelle Bacheleten garaipena 2006an, Txileko lehen emakume presidentea.

Bilbora bueltan

2006an Teleberri aurkezteko eskaintza egin zidaten, hau da, ETB2ko gaueko albistegia, prime timean. Horrenbestez, Paris utzi eta Bilbora itzuli nintzen. Garai hartan, aurkezle lanarekin batera, tarteka, nazioarteko albiste garrantzitsuak lantzen aritu nintzen berriemaile berezi gisa atzerrira bidaiatuz. 2008an, esaterako, Washingtonera bidali ninduten Estatu Batuetako presidenterako hauteskundeen berri emateko. Barack Obama izan zen garaile.

Asiako abentura

Denborak aurrera egin ahala, ordea, munduan gauza asko ikusi nahi nituela sentitzen nuen. Horregatik, 2015ean alde egin nuen berriro. Beijingera joan nintzen, EITBren Asiako korrespontsal gisa lanean aritzeko, irratian eta telebistan. Oso esperientzia bizia izan zen. Beijingen nintzela, lehenengo alerta gorria ezarri zuten kutsadurarengatik, NBEk Parisen klima aldaketaren goi bilera egin zuen une berean. Urte berean, Myanmarren hauteskunde libreak egin ziren 25 urtean lehenengoz, eta han izan nintzen berria ematen. Aung San Suu Kyi Bakearen Nobel Saridunak jende oldea mugitu zuen eta boto asko jaso zituen. Gutxitan egokitu zait horren lekukotza alai eta itxaropentsuen albistea ematea, horregatik, Birmania zaharrera eginiko bidaia plazer handia izan zen alde guztietatik.

Ia bi urte egin nituen Asian bizitzen. Denbora horretan nire kabuz bidaiatzeko tartea ere hartu nuen, eta tarteka, hainbat proiektu interesgarrirekin aritu nintzen elkarlanean. Boluntario aritu nintzen telebistako erreportari gisa izandako esperientziaren berri ematen, Camboya Angkor Tree School Gobernuz Kanpoko Erakundearekin eta Thailandiako Faasai eko-hotelarekin, besteak beste. Bikotekideak eta biok Asian Gaude webgunea sortu genuen orduan, aberasten gintuzten hainbat esperientzia jendeari helarazteko.

Euskal Herrian berriro

2016ko amaieratik Euskal Herrian nago berriro. Kazetari aritzen naiz nagusiki, eta tarteka, aurkezle eta bidali berezi ere bai. Horrez gain, burubelarri dihardut neurrira diseinatutako bisita esklusiboen Walk on the Basque Side proiektuan

Aurkezle

Telebistako aurkezle lanean albisteen inguruan aritu naiz nagusiki. 2006an Parisko korrespontsal lana utzi eta Teleberri aurkezten hasi nintzen, gaueko bederatzietako albistegia, alegia, astelehenetik ostiralera, EITBren Bilboko egoitzan.

4 urte egin nituen Teleberri aurkezten. Egun On Euskadi albistegi goiztiarrean hasi nintzen gero, albisteen berri ematen hasieran, eta gaurkotasun gaien inguruko eztabaida eta eguneko politika elkarrizketa gidatzen geroago. Entrada Libre iritsi zen gero. Urtebetez aritu nintzen kultura eta gizarte arloko elkarrizketak uztartzen zituen eguneroko programa zuzentzen eta aurkezten. Saio hari esker, Maialen Lujanbio bertsolaria, Ramon Saizarbitoria idazlea, Karra Elejalde aktorea, Eduard Punset zientzia zabaltzailea eta Ara Malikian musikaria elkarrizketatzeko aukera izan nuen, besteak beste. Ordu erdiko saio gozagarria egin genuen egunero.

2015 hasi eta berehala, Beijingera joan nintzen EITBren telebista eta irratietan korrespontsal gisa lanean aritzeko. Une honetan Gasteizen dihardut kazetari, baina, tarteka, albistegiak aurkezten ditut, eta bidali berezi gisa ere aritzen naiz. Parisen egon naiz, esaterako, Notre-Dameko sutearen berri bertatik bertara ematen, 2019ko apirilean. Izugarri gustatzen zait kalean lan egitea, baina estudioko isiltasuna ere magikoa eta erakargarria da. Bidaia luze baten ostean etxera itzultzearen parekoa.

Milaka kronika, elkarrizketa eta zuzeneko emanaldi egin ditut. Gustukoen ditudanak jaso ditut atal honetan. Gehiago ikusi nahi izanez gero, Vimeoko nire kontuan ikus ditzakezu.

Seraphinite AcceleratorOptimized by Seraphinite Accelerator
Turns on site high speed to be attractive for people and search engines.